BIDEA IREKI ETA ARGITZEN DUEN BIZITZAREN ERDIGUNEA AURKITZEAREN POZA
Tokian (Errabal Jazz) da Jerónimo Martínen azken diskoa. Piano bakarlarirako inprobisazio askeko hainbat proiekturen ostean (Capturas 2015ean eta Durango Concert 2020an) dator disko hau, eta 2021ean Bilboko Udal Musika Bandarekin batera piano inprobisaturako eta bandarako Versos Libres obra estreinatu ondoren.
Prozesu pertsonal baten emaitza da Tokian, eta egileak konpromiso artistiko handia hartu zuen bere ofizioarekiko.
Tokian oso proposamen ausarta da garai hauetarako. «Erdiratze» pertsonal eta espiritualaren ideia aipatzen du, kasu honetan sorkuntza artistikoaren arlora eramana. Norberarekiko konpromiso etengabea da, nortasun sakonena hobeto onartzeko eta benetako pultsioa aitortzeko ariketa egin ondoren.
Ildo horretan, Tokian diskoko musikak Errabal Jazzek argitaratutako aurreko lanen (Piedraescrita 2006an eta Quinoa 2012an) antzeko prozesua jarraitu du.
Autorea, beste behin ere, saiatzen da forma zehatza ematen musikaren ikuspegi berezia islatzen duen sorkuntza-premiari, genero desberdinen sintesi pertsonaletik abiatuz: jazza eta beste musika inprobisatuak, musika klasikoa eta jatorri askotako musika herrikoien zertzeladak.
Horrek guztiak estilo nahasezina eratzen du, eta bere musikan nagusi dira zintzotasuna, samurtasun-uneak eta sentimendu-dosi handiak.
Proiektua 2012an hasi zen sortzen, Quinoa argitaratu zen urte berean. Argi zuen seikoterako sortzen ari zen konposizio berriak hari-orkestra batekin grabatuko zirela. Eta hala izan da.
Pandemiak atzeratuta, 2022ko otsaileko eta martxoko bi egunetan soilik grabatu ahal izan zen diskoa, artean maskarak jantzita eta distantzia soziala mantenduz, Donostiako Elkar estudioetan.
Proiektua Jerónimo Martínek berak ekoitzi du, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin, eta 30 musikarik osatzen dute. Seikotea da oinarria, eta Arteus Orkestra batzen zaio, oraingo honetan 23 musikariz osatua eta Iker Sánchezek zuzendua.
Seikotearen sekzio erritmikoa osatzen dute Jerónimo Martínek pianoan, Alejandro San Pelayo asturiarrak kontrabaxuan eta Aitor Bravo gazte arabarrak baterian. Haize-instrumentuei dagokienez, Jorge Vistel kubatarra dago tronpetan, Rubén González bizkaitarra saxo tenorran eta flautan eta Gonzalo Fernández de Larrinoa gasteiztarra tronboian.
Diskoak zazpi konposizio original ditu, autoreak idatzi eta moldatuak. Pieza gehienak iraupen luzekoak dira, eta pieza bakoitzaren atalek garapen progresiboa eta anitza dute, zeinetan sarrerak, melodia nagusiak eta bigarren mailakoak gurutzatzen diren, haize- eta hari-instrumentuez lagunduta, eta hori guztia seikoteko bakarlarien solo inprobisatuekin tartekatuta.
Oraingo honetan, egileak, hariaren laguntzaz, tinbre-barietate handiagoa eta kolore gehiago eman nahi izan dizkio konposizio guztiei; horrek izaera sinfonikoa ematen dio jatorriz jazz-seikoterako konposatutako musikari.
Aldi berean, formaren hedapena bultzatzen du, eta horrek hazkunde arkitektonikoa duen musika sortzen du, tarteka musika progresiboa gogora ekarriz.
Azken batean, kontzeptu musikalak berrestearen emaitza da Tokian; aurreko proiektuetan jada ageri ziren jada horiek, baina, hemen, hazten jarraitu dute.
Disko honetako musikan alaitasun handiko uneak nabari daitezke, beharbada aurreko lanetan baino gehiago. Baliteke bidea ireki eta argitzen duen bizitzaren «erdiratze» puntu hori aurkitzearen poza izatea.
Disko hau egia bihurtutako ametsa da. Artistak dena eman du, zentzu guztietan, baina hori lortzeko ezinbestekoa izan da lana inguruan izan dituen pertsonekin partekatzea.