BANDARAKO MUSIKA
'VERSOS LIBRES PARA PIANO IMPROVISADO Y BANDA'
Jarraian, Versos libres para piano improvisado y banda obraren estreinaldiko egitarauari egindako oharrak jaso ditugu, 2021eko apirilaren 29an Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioan (Bilbo) estreinatu zena:
Versos libres para piano improvisado y banda obrak izenburuan darama askatasun artistikoari egin nahi zaion kantuaren zama, duela hainbat mendetatik hainbeste aldarrikatu dena musika sorkuntzaren alorrean.
Autoreak hilabete eta erdian (2021eko otsaila eta martxoa bitartean) egindako ahalegin sortzailearen emaitza da lana. Lengoaia pertsonal baten bilaketa etengabea islatzen du, hainbat proiekturen bidez askotariko musika-joerak sintetizatzen saiatuz beti.
Obraren funtsa da musikaren arloan hain desberdinak diren munduen sinbiosia lortzen saiatzea –sinbolikoa, efimeroa edo are zapuztua ere–, hain zuzen ere inprobisazio askearen, konposizio idatziaren eta inprobisazio gidatuaren artean (azken hori Conduction eta Soundpainting tekniken eta horien egokitzapen pertsonalaren bidez).
Tituluak berak adierazi arren «piano inprobisaturako eta bandarako» obra dela, eta, itxuraz, genero kontzertantearen ezaugarriak izan arren, hori egileak konposizioaren esparru globalean egin nahi duen esperimentaziorako aitzakia baino ez da.
Ikuspegi formaletik, mugimendu bakarra dauka obrak, hiru sekziotan banatua. Horietako bakoitzean giro edo marko bat sortzen da piano bakarlariarentzat –erabat inprobisatua–, eta une batzuetan bandarako idatzitako zatiek laguntzen diote. Horrela, nolabait suma daitezke hiriko gaugiroa, natura bera, tentsioa eta giza gatazkak iradokitzen dituzten sonoritateak, baita COVID-19aren pandemiak eragindako sentsazio psikologikoen deskribapena ere.
Sonoritate horiek guztiak haize-instrumentuen edo perkusioen sekzioetarako idatzitako trantsizio txikiekin tartekatzen dira, eta horrek lanari forma eta batasuna ematen laguntzen du. Altuera musikalei dagokienez, tonalitaterik gabeko testuinguru batean pentsatuta dago obra, izaera modaleko pasarte batzuk barne hartzen dituena.
Piano bakarlariak inprobisazio askearen rola irudikatzen du, eta bandarekin interakzioan dabil. Bandaren funtzio bakarra bakarlariari laguntzea da, eta zati idatzia interpretatzen du.
Hain zuzen ere, obraren ezaugarri nagusietako bat da interpreteak askatasuna duela partituraren barruan, non idazkera irekiak inprobisazioari lekua uzten dion, kasu honetan konpositoreak eta zuzendariak kontrolatuta edo gidatuta.
Azken batean, mundu desberdinak hurbiltzeko ahalegina da. Une batzuetan, kontrolak eta askatasunak elkarri eskua ematen diote eta, beste batzuetan, berriz, badirudi elkarri bizkarra emanda bizi direla; hori guztia, erdi idatzitako konposizio baten plan formalaren atzean ezkutatuta.
Azkenik, Versos Libres obrak zer hausnartu eman nahi digu: Nola hautematen ditu gure jendarteak musikariak? Zein dira gaur egun oraindik ere lanbideko sektore batzuetan tradizioz sustatzen diren rolak, musikaren irakaskuntzaren oinarrian dauden espezialitate profesionalen sailkapen zurrunetik hasita?
Hain anitza eta aldakorra den egungo mundu honetan, gutxienez, birplanteatu egin beharko litzateke rol horien zentzua eta aukera.
'PEQUEÑO ROND DE JAMBE'
Pequeño Rond de Jambe pianorako pieza batetik abiatuta sortu den obra da. Pianista laguntzaile gisa lan egiten zuen dantza-eskoletan interpretatzeko idatzi zuen autoreak. Banda sinfonikorako orkestratzea erabaki zuen, publikoaren aurrean aurkezteko aukera izan zuen eta, Versos Libres obrarekin batera.
Dantzerti Euskadiko Arte Eszenikoen Goi Eskolari eskainia dago obra –bertan aritu zen hiru ikasturtez, pianista gisa–, eta Dantzaren Nazioarteko Egunean estreinatu zen, 2021ean, Versos Libres aurkeztu ondoren.
Dantza klasikoaren hiruko konpaseko ariketa du inspirazio iturri, rond de jambe par terre mugimenduaren patroi erritmikoa, dantza-eskoletan ohikoa dena.
Lau minutu inguru irauten du piezak, eta obraren tonu animikoa markatzen duten akorde sinple eta sakonen gainean eraikitzen da. Honako egitura dauka: sarrera, tema (A, B), piano bakarlari inprobisatua eta amaierako koda, bluesaren eta jazzaren eragina duena. Nolabaiteko malenkonia- eta amets-kutsua izan arren, jasotze espiritualeko egoera transmititu nahi du lanak.