

JERÓNIMO MARTÍN

Jerónimo Martín (Bilbo, 1974) musikari eklektikoa da, eta musika klasikoa, jazza, inprobisazio librea eta konposizioa lantzen ditu.
Zortzi urterekin hasi zen solfeoa ikasten, eta hamar urterekin ekin zion pianoa ikasteari. Orduan, eskala artean, premia bat sentitu zuen, musikari gisa bere etorkizuna markatuko zuena: musika-tresnaren bidez bere burua askatasunez adieraztea. Inprobisaziorako eta konposiziorako berezko joera hori, urteen poderioz, hazi baino ez zen egin.
Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan ikasi zuen, eta bertan amaitu zituen Pianoko Goi Mailako Graduko ikasketak. Gaztaroko lehen urteetan giro musikal aberatsean murgildu zen: heziketa klasiko arautua, rock-taldeekin teklista gisa egindako emanaldiak eta jazz-munduaren aurkikuntza, besteak beste. Bere nortasunaren ezaugarrietako bat bihurtu zen estilo nahasketa hori.
Inprobisazioaren ustekabeko fenomenoaren jakin-minak bultzatuta, eta haren sekreturik sakonenak ezagutzeko gogoz, Bartzelonako Taller de Músicsen osatu zuen bere prestakuntza. Han, jazz-ikasketak egin zituen. Ondoren, Jazz Lizentzia ikasi zuen Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian.
Bere ibilbide profesionalaren lehenengo etapan, irakaskuntza eta errezitalak –bakarlari gisa edo taldean– uztartu zituen, konposizio-lana eta inprobisazioaren arloko ikerketa baztertu gabe.

2004an, «bizi-premia» gisa definitzen duen horretan zentratzea erabaki zuen; alegia, musika-sorkuntzan. Hala, Jerónimo Martín Trio jaio zen eta, 2008an, Jerónimo Martín Seikotea.
Talde horiekin bide eman zion bere bulkada sortzaileari eta Donostiako, Getxoko, Salamancako eta Pragako jazz-jaialdietan parte hartu zuen.
2006an, bere ibilbide diskografikoa abiatu zuen Piedraescrita (Errabal Jazz) diskoarekin, eta, 2012an, Quinoa (Errabal Jazz) lanak jarraitu zion. Hurrengo bi albumak inprobisazio hutsekoak dira: Capturas (2015) eta Durango Concert (2020).
2021ean, bandarako bere lehenengo obra estreinatu eta interpretatu zuen: Versos libres para piano improvisado y banda. Antzerki- eta dantza-taldeentzako musika konposatu du, eta zinemarako hainbat soinu-bandatan parte hartu du.
Interprete gisa, errezitalak eskaintzen ditu bakarlari moduan eta ganbera-musikako hainbat talderekin, eta Bilboko Udal Musika Banda lagundu du hainbat denboralditan. Horrez gain, besteak beste Kepa Junkera, Gontzal Mendibil eta Mikel Urdangarin musikariekin kolaboratu du grabazioetan, kontzertuetan eta moldaketetan.

Bere azken diskoan, sorkuntza-ibilbidean adierazitako kontzeptu musikalak berretsi eta garatzen ditu.
30 musikarirekin batera grabatutako Tokian (2023, Errabal Jazz) lanarekin, Jerónimo Martínek bere bizitzaren «erdiratzea» lortzen du, bere buruarekiko konpromiso etengabearen eta bere nortasunik sakonena onartzearen ondorioa, bere benetako pultsioaren aitortza.
Beti proiektu berrietan murgilduta eta ikerketa-jarduera eten gabe, ez du irakaskuntza lana utzi. BilbaoMusikako pianoko eta teklatuko irakasle eszedentziaduna da, eta eskola horretako Big Banda sortu eta zuzendu zuen lehenengo hiru ikasturteetan.
Metodologia sortzaile berriak aplikatu nahi ditu musika-irakaskuntzan, eta etengabeko ikerketan dihardu arlo horretan, irakasle eta interprete gisa. Horri esker, inprobisazio askeko eta gidatuko hainbat teknikatan trebatu da (Conduction, Soundpainting eta Music for People, batzuk aipatzearren).
Pianista laguntzailea izan da Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan, eta dantzako eta kantuko pianista laguntzailea Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan. Gaur egun, saxofoiko pianista-errepertorista da Gasteizko Jesús Guridi Musika Kontserbatorioan.
