«MUSIKA BIZIA, ERROMANTIKOA ETA GOGOETATSUA, HIRIKO EGUNSENTIENA ETA ILUNABARRENA, LAINOENA ETA ZAPARRADENA…»
Disko hau Arquitectura de la melancolía titulua hartzeko zorian egon zen. Jerónimoren lehenengo grabazioak (Piedraescrita, Errabal Jazz, 2006) aurreratu egin zituen, hirukote formatuan, hemen kaligrafia garbiaz adierazten diren bertuteak. Dotorezia soila eszenatokian, zalantza eta ziurtasunen arteko oreka interesgarria… Eta, zalantzarik gabe, malenkoniaren antzeko zerbait, diskurtso musikala harilkatzen duena, gogo-aldarte bat bezala.
Halaber, disko honek bokazio arkitektoniko ukaezina du, kaosaren sakrifizio zoriontsua da, mamitzen duten pieza biografikoen laburtasunaren eta logika narratiboaren aldeko esplorazioa. Hiriko egunsentien eta ilunabarren, lainoen eta zaparraden musika bizi, erromantiko eta gogoetatsu honen motor emozionala koipeztatzen duen likidoa da Jerónimo Martín. Bere poesia jasoa da eta jaso egiten zaitu, batere handinahia izan gabe, ordea.
Moldaketen bidez, kolore orokorra lehenesten da xehetasunen gainetik, baina indarrez betetako irudi txikiak ere eskaintzen dira, hala nola Gonzalo Fernández de Larrinoak, Rubén Salvadorrek edo Julen Izarrak inprobisatzen dituztenak, itxaropenez gainezka dagoen tonuarekin. Beraien ahotsak harmoniaz azpiratzen eta nahasten dira, Mingus zaurgarrienaren biniloetan bezala edo formazio handietako Charlie Hadenen gisara, adorea eta irmotasuna eman duten Hilario Rodeiroren eta Javier Mayoren bulkada erritmiko sendoarekin.
Jerónimo Martínek ez du berarentzako protagonismorik eskatzen. Haren pianoak funtsezko zirriborroa marrazten du, eszenatokia azaletik deskribatzen duen edo pasarterik intimoenak lehen pertsonan deklamatzen dituen offeko ahots baten moduan.
Diskoak aurrera egin ahala, ziurtasunak zalantzen gainetik jartzen dira, folkloretik (Tiboli) edaten duen paisaia-sorta koherentea osatuz, estetika klasikoan inspiratua eta agian jazza ere ez dena, ez behintzat afro-amerikar batek ulertuko lukeen moduan. Musika honen muina ez da musikaren beraren swinga, ezta interakzio askea ere. Azken helburua da entzulea istorio batean zehar gidatzea; istorio hori ia sinfonikoa den estiloarekin adierazita dago, afekzioa saihesten du, zentzua kontzienteki inposatuz sentimenduaren gainetik, betiere uko egin gabe berezkoak dituen emozioei: itxaropena (Claridad), norbere buruarekiko errukia (5 de Mayo), askatutako izaera (Obertura) edo besterik gabe bizirik egoteak dakarren zoriona (Tutto per amore).
Quinoa diskoa harago doa, barruraino iristen delako. Antonio Lópezek iradokitzen dituen hiriko usainak bezala, semaforo bakoitzean eta zinemaskopeko despedidetan taupadaka dabilen hiria.
Libretoko testua: David Gotxikoa
Jerónimo Martín, pianoa eta konposizioa
Javier Mayor, kontrabaxua
Hilario Rodeiro, bateria
Rubén Salvador, tronpeta eta fliskornoa
Julen Izarra, saxo tenorra
Gonzalo Fernández de Larrinoa, tronboia
2011ko abenduan Donostiako Elkar estudioetan egindako grabazioa. Grabazio-teknikaria: Jean Phocas. Teknikari laguntzailea: Víctor Sánchez. Jerónimo Martínek eta Unai Mimenza soinu-teknikariak Bilboko Baleamusika estudioetan nahastu eta masterizatua.